Gure askapena ezin da gauzatu, eta ez da gauzatuko, egintza bakar batez eta jasaten ditugun zapalketa eta indarkeria guztiak desagertaraziz. Egoera, arazo eta uneen arabera, batzuetan geldoa eta beste batzuetan arina izango da aurrerapena. Batzuetan kolokan jarriko zaigu, patriarkagoak eutsi egingo duelako, itxuraz eta azalaz aldatuko delako, egokitu eta aliatuak bilatuko dituelako, bai eta gure erreibindikazioen beldur diren gure egungo kideetako askoren artean ere. Emakumeek iraultza prozesuetan jasan zituzten atzerakada eta galeretatik ikasi egin behar dugu, haietan, lorpen itxaropentsuen ostean, gizonak oilartu eta emakumeak etsiarazi zituzten neurri murrizgarriak ezarri eta atzerakada adierazgarriak gertatu baitziren. Baina, batez ere, pazifismo feministak, aurrera egiterakoan ezezik, planeta osoan egun jasaten den kontraofentsiba matxista gerarazterakoan ere izan duen porrot zaratatsua agertarazi behar dugu.
Ikuspegi luze horretatik, zapalduriko guztiontzako baliagarria den bakarra, gaur egun bertan aurre egiten hasi behar gatzaizkien arazoetako asko ikus ditzakegu: horietako bat, ezker abertzalean dagoen emakume kopuru urria, kasu. Eta ez gara soilik emakumeen presentzia pasiboaz ari, hauteskunde zerrendetako apaingarri huts edo prentsaurrekoetako lorontzi gisa. Esku hartu eta bideak tajutzeaz ari gara, ildo praktikoa zehazteaz, ezker abertzalearen iharduera guztietan "ikutu feminista" deritzoten hori baino askoz funtsezkoagoa den zerbait, patriarkago eta matxismoaren aurkako edukina, somarazteaz. Eta hori guztia eraikitzeko asmoz egin behar da, hots, emakumeen askapeneranzko benetako urratsak emanez, dagoenaren "aurka" jo edo "ezetza" adierazte hutsean geratu gabe.
Arazoetako beste bat ezker abertzalean emakumeen defentsazko antolakuntzaren beharrari, arazo kolektibo nahiz indibidual anitzetan autodefentsa espezifikoa bultzatu beharrari, ematen zaion garrantzi eskasa da. Izan ere, ez daukagu ohiturarik jasaten ditugun zapalkuntza bideen aurka defendatzeko aurrea hartzen, ez eta ezker abertzalearen barruan, bortxatzaile baten aurkako "herri justizia antipatriarkar" antzeko zerbait aplikatzea bezalako esperientzia nabarmengarriak burutzeko ekimen politiko, teoriko, praktiko eta antolakuntzazkoak bideratzen ere. Eta eskuhartze esparru anitz aipa genezake: zergatik jasan behar ditugu pasiboki sindikatu horien laguntzaz ehundaka emakume langileren kanporaketak edo jazarpen sexualaren aurrean mutu geratzea, edo alokairuetan zein lan-baldintzetan gero eta nabarmenagoak diren aldeen aurrean erakusten duten utzikeria?
Azkenik, oso kezkagarri deritzogu, botereak "emakumearen mundua" deritzon horren barruan emakumezko gure kide preso, deportatu edo konfinatuek egunero ematen duten eredua ez hedatzeari. Ezker abertzalea, eta zehazki feminismo abertzalea -zeinaz egunen batean mintzatuko baikara-, oso altxor preziatua ari da alferrikaltzen uzten: giza balio eta printzipio etiko-moral iraultzaileen praktika.
Milaka eta milaka euskal emakumek ez daukate gure kide errepresaliatuen egoera larriaren berri, ez eta egunez egun eskaintzen diguten irakasgaiarena ere.
Irakasgai horiek potentzial pedagogiko, askatzaile eta sustatzaile ukaezina daukate. Korronte feminista desberdinek historikoki eztabaidatu dituzten arazo guztiak hartzen dituzte, batez ere sistema patriarkar-burgesarekiko eta estatu zapaltzaileekiko aurkakotasunaren kariak. Irakasgai horietatik abiatuz sor daitekeen eztabaida globala eta diziplinartekoa da, eta hortxe datza, hain zuzen, haien garrantzia. Honakoan arazoaren alde batzuetara hurbildu besterik ez dugu egin. Espero dugu lehenago edo geroago gure artean honelako gaiez luze mintzatu ahal izatea.
![]() |